Balio Alternatiboak, Solidarioak eta Arduratsuak dituen Ekonomia Sustatzea

Zertan gabiltza / Balio Alternatiboak, Solidarioak eta Arduratsuak dituen Ekonomia Sustatzea

Eskuartean darabilgun egitekoak ez luke zentzurik, bururaino eramango ez bagenu lagun gehienek argi eta garbi eskatzen dutena: hots, enpleguan sartzea. Sartu Federaziotik, beraz, aukera guztiak aztertzen saiatzen gara, enplegua lortzen laguntzeko; izan ere, gure iritziz, batetik, gaitasun pertsonalak eta sozialak ekartzen ditu eta, bestetik, dinamizazioa eta aberastasuna eragiten ditu toki ingurunean.

Ikuspegi horrekin bat, uste dugu Hirugarren Sektoreko erakundeek eginkizun bat bete ahal eta behar dutela enpleguaren dinamizazioan. Erakunde publikoekin eta enpresa-erakundeekin batera, gizarte ekimenak ere lagundu dezake pertsona askoren “kapital pertsonala” ikustarazten, agerrarazten; lan-merkatuak pertsona horiek bazterrean uzten baititu “lehiakortasun arrazoiak” direla tarteko, horrek dakarren koste soziala aintzat hartu gabe. Gure asmoa da pertsonentzako eta enpresentzako balioa sortzea, inguruneko pertsonen eta enpresen beharrak uztartuta.

Arlo pertsonalari dagokionean, eta beharrezkoa den heinean, uste dugu pertsona lagundu eta orientatu beharra dagoela lan-merkatuan sartu arte ematen dituen pauso guztietan:motibazio mailari eutsiz; azturak, trebetasunak eta gaitasunak sendotuz norberaren edo besteen konturako enpleguetan sartzeko; eta lan-merkatuan sartzeko ohiko bideetarako sarbidea erraztuz. Lan-ildo horretan, laguntasun eta tutorizazio ekintzak egiten ditugu, lanpostuan sartzeko eta lanpostuari eusteko.

Enpresekiko esku-hartzeari dagokionez, gure iritziz beharrezkoa da enpresa-munduaren eta gizarte-munduaren arteko zubiak eraikitzea, pertsonen arteko topaketa sustatuz eta, lanaren bitartez, partaidetzarako aukerak erabateko eraginkortasunez bultzatuz.Enpresa eta bere ingurune hurbilarenekiko konpromisoa sustatzea dugu xede, elkarlanerako esparruak eta Enpresaren Gizarte Erantzukizuna garatzea eskainiz. Aldi berean, enpresak konbentzitu nahi ditugu abantaila handiak daudela, baldin eta langileen gaineko kudeaketa lanpostuen eta zereginen egiazko beharretara egokitutako gaitasun profesionaletan oinarrituta egiten bada, epe erdi eta erdira langileen arloan inbertsioa ziurtatze aldera, lanpostuarekiko identifikazioa aintzat hartuta eta pertsonen garapen profesionalerako espektatibak betetzea oinarri hartuta.

Bestetik, gure iritziz posiblea eta beharrezkoa da bestelako lan-egituren ereduak lantzea, solidarioagoak, pertsona baliorik hoberena bezala hartzen dutenak, eta irabaziak banatzea azken xedetzat ez dutenak, baizik eta ekarpen soziala eta hazkunde pertsonala, bizi den erkidegoarentzako aberastasuna sortzen lagunduz.

Xede hori erdiesteko, saiatzen gara erakundeek gure eskura jartzen dituzten baliabide guztiak lortzen, gure helburuaren eskura jartzeko: hots, gizarte-desabantailan dauden pertsonen laneratzea. Horretarako, hona hemen zer jarduera mota garatzen ditugun, eta haietako bakoitzaren arrazoiak:

  1. Bitartekaritza ohiko lan-merkatuan eta Enpresen Gizarte Erantzukizuna: Gure iritziz, beharrezkoa da gizarte-zerbitzuen esparruen eta enplegu-aukeren arteko harreman bideak ezartzea, baita legezko marko juridiko batetik ezarri ere, bitartekaritza lana egiteko aukera emango diguna, gure harrera jasotzen duten pertsonak enplegu-eskaintzetatik egiazki hurbilago egon daitezen. Horrexegatik parte hartzen dugu Zentro laguntzaile gisa Euskal Lan Zerbitzuan, enpleguen eskaintzak eta eskariak kudeatzen.Gure helburua da gizarte-desabantailan dauden pertsonekin ekintza positiborako lana garatzea eta, era berean, mekanismo hori Euskal Lan Zerbitzuaren funtzionamenduan bertan ezartzea, pertsona guztien aukera berdintasuna bermatze aldera.

    Enpresen ikuspegitik, elkarlanerako dinamikan sarrarazi nahi ditugu, elkarren arteko konfiantzan oinarrituta, estereotipoak hausten laguntzeko eta gure harrera jasotzen duten pertsonen laneratzea errazteko. Harreman hori hainbat aspektutan oinarritzen da; esaterako, lanerako prestakuntzaren edukiak diseinatzea, edukiak sektorean dauden beharretara egokitzeko; era berean, elkarrekin prestakuntza-prozesuak diseinatzeko aukera; Enplegu-Prestakuntza Programen kontratazio fasean laguntzea; lantokietan praktika arautuak egitea; eta eskaintzen izapidetzeak egiten laguntzea, langileak hartzeko: etorkinak erregularizatzea, lanpostura egokitzeko prozesuan laguntzea eta enpleguan duen egoeraren jarraimendua egitea. Hori guztia elkarrekiko laguntzan oinarritutako harremana ziurtatzeko, pertsonei nahiz enpresei onura emateko.

  2. Lan esperimentazioa, etorkizunean laneratzeko moduko lan-sektoreetan eta merkatu-nitxoetan bermatua, eta/edo enpresa-ideia baten garapena.Jarduera mota horiek zerikusia dute lan-esperimentaziorako aukera dakarten proiektuak abiaraztearekin; esperimentazioak, izan ere, aukera ematen baitu hezkuntza-lan pertsonala egiteko, pertsonek ohiko lan-merkatuan aritzeko dituzten aukerak handitze aldera. Xedea da pertsonek egiazko lan-esperientzia bat lortzea ingurune malguan, horrek jarrerak eta trebetasunak sendotzen lagunduko dielako epe erdi eta luzera enpleguari eusteko.Berariaz xede horretarako dauden diru-laguntzen bitartez, pertsonak 6tik 12 hilabetera bitarteko denboraldietarako kontratatzen ditugu. Esparru horretan, pertsonek lan-esperientzia hezitzaile eta atsegin-emailea izatea ahalegintzeaz gain (betiere beste erakunde eta zerbitzu batzuek proposatzen duten laneratzeko lan pertsonalarekin koordinaziopean), sektoreko enpresa-proiektuen bideragarritasuna aztertu eta norberaren edo talde ekimena sustatzen dugu lan-merkaturantz ateratzeko, bai norberaren kontura edo beste baten kontura.
  3. Enpresak sortzeko laguntza: Askotan, pertsona lan-merkatura aterako bada, nork bere ekimenak eta ideiak abiarazi behar izaten ditu, eta ekimen nahiz ideia horiek nola halako laguntza behar izaten dute, bideragarriak izango badira.Ikuspegi horrekin bat, funtsean Euskal Lan Zerbitzuaren erakunde laguntzailea garen heinean, gure jarduerek zerikusia dute ekintzaileen kulturarekin eta, era berean, enpresa-ideia abiarazteko aholkularitzarekin. Ondoko jarduerak dira, zehazki: enpresak kudeatzeko aholkularitza, ekintzailetzari buruzko sentsibilizazioa eta abiarazitako ideia bakoitzaren gaineko aholkularitza eta jarraimendua.

    Zenbaitetan, gure laguntza izaten da enpresa-sustapeneko profila duen jendearen ekarpenak bideratzea: gizarte konpromisorako kontzientzia duen jendea izaten da, kudeaketan dakiena, elkartasunezko enpresa-unitateak abian jartzen laguntzeko.

    Eta beti saiatzen gara holako ekimenek holako proiektuen alde egiten duten finantza arloko tresnak oinarri izatea (beharrezkoa bada); esate baterako, elkartasunezko bankua (Fiare).

  4. Gizarteratzeko eta laneratzeko enpresak sortzea: Gure iritziz oso egokia da egiturak dinamizatzea insertzio-prozesu integralak sustatzeko, halako lan-harreman jakin bat sortuz, gizarte-desabantailan dauden pertsonak ohiko lan-merkatuan sartzea errazteko eta haien bizitza alde guztietatik begira normaltzeko.Jendea gizarteratu eta laneratzeko enpresak eta elkartasunezko ekonomian oinarritzen direnak sortzea sustatzen dugu, kanporaketa-egoeran dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea bultzatzeko, jendea barneratzeko prozesu eraginkorrak eta sistematizatuak garatuta. Insertzio-prozesuetako laguntasuna enpresa horien zutabe nagusietako bat da, eta haien xede nagusia da ibilbide bat eskaintzea pertsonen laneratzea ahalbidetzeko.

    Gure ikuspegia da gizarte-ongizatea sustatzen duten enpresak sustatzea eta haietan parte-hartzea, enpleguak eta aberastasuna sortzearen bitartez. Enpresa horiek elkartasunezko ekonomia dute xede. Enpresa horiek bere egiten dituzte Ekin Elkartasunezko Munduaren alde izeneko kartaren 6 printzipioak.

  • 1.Berdintasuna. Enpresaren edo erakundearen jardueretan protagonista diren pertsona guztien interesak orekatasunez asetzea.
  • 2.Enplegua. Enplegu egonkorrak sortzea eta haietan pertsona ahulak edo gaikuntza handirik gabeak sar daitezen sustatzea. Pertsona bakoitzari lan eta ordainketa baldintza duinak ziurtatzea, haren garapen pertsonala sustatuta eta erantzukizunak hartzea bultzatuta.
  • 3.Ingurumena. Ingurumenarekin bat datozen ekintzak, produktuak eta metodoak sustatzea.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.